XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arazo kultural, ekonomiko, teologiko eta politikoengatik, Eliza biek urraketa gogorrak jasan zituzten eta sekulako etena gertatu zen bien artean.

Bizantziar elizaren (ortodoxoa deritzona) eta Erromako elizaren (eliza katolikoa) arteko eten honen hiru data nagusiak ondokoak dira:

- 1054: Erromako apezpikuak Konstantinoplako patriarka eskomikatu zuenekoa.

- 1204: Laugarren gurutzadakoan, kristauek Konstantinopla arpilatu zutenekoa.

- 1453: Turkiarrek Konstantinopla hartu zutenekoa.

Eliza grekoa egin zen Konstantinoplako patriarkatuaren jabe. Alabaina, turkiar erregeen politikak sakonki ahuldu zuen. Islama azkarki hedatu zen antzinako Bizantziar Inperioaren lurraldeetan barna, eta gainera, kristauen kontrako erasoek alditxar asko erakutsi zituzten.

Errusiako Vladimir printzea (1015. urtean hil zen), bizantziar printzesa batekin ezkondu zen. Harrezkero finkatu zen kristautasuna Errusian. Turkiarren erasoari ongi erantzun ahal izan zion Errusiak. Ondorioz, errusiar Eliza ortodoxoa ez zegoen jada inoren menpe.

Moskuko apezpikuak 1589an hartu zuen patriarka titulua. Hirugarren Erroma izateko (Konstantinopla bigarrena) nahia zerabilen eta eliza ortodoxo ororen buruzagitza bereganatzekoa.

Eliza ortodoxoaren antolakuntzak eragin sakonak jasan behar izan ditu bere esparruan izan diren gertaera politikoen arabera: gerra, ezegonkortasuna, inperioen hondamendia (Otomandarra eta Austria-Hungariarra), independentzia nazionalak...

Horien ondorioz, Eliza ortodoxo desberdinen historiak independentzia nazionalen historia jarraitu du. Konstantinoplako Eliza abiapuntu, unitate autozefaloak deitu errealitateak sortu ziren.

Hona hemen hauetariko garrantzitsuenak: Eliza ortodoxo serbiarra, 1829; Eliza ortodoxo grekoa, 1850; Eliza ortodoxo bulgariarra, 1870; Zipreko patriarka, 1878; Alexandriako patriarka, 1899; Antiokiako patriarka, 1899; Jerusalengo patriarka, 1908; Eliza ortodoxo errumaniarra, 1925; Albaniako eliza, 1925.